Arte

#GuggenheimBilbaoInsights The Guggenheim Museum Bilbao presents a new series of videos where curators and artists discuss art

PRENTSA-OHARRA

GuggenheimBilbaoInsights

Guggenheim Bilbao Museoak bideo-sorta berria aurkeztu du: arte-arduradunak eta
artistak arteaz hizketan
Guggenheim Bilbao Museoak #GuggenheimBilbaoInsights ekimena aurkeztu du gaur: bideo sorta berria,
Museoaren Arte-ardura Sailaren gidaritzapean egina. Bideo horietan, arte-arduradunak Museoaren
Bilduman obraren bat daukaten zenbait artistarekin solasean arituko dira.
Ekimen digital berri hau 2020ko azarotik 2021eko ekainera bitartean garatuko da (biak barne). Hilero,
Museoak bideo bat argitaratuko du eduki artistikoa ahalik eta ikus-entzule gehienengana zabaltzeko asmoz.
Pieza horiek Museoaren webgunean argitaratuko dira, eta sare sozialen bidez ere partekatuko dira:
YouTube, Instagram, Facebook eta Twitter. Bideo bakoitzak 20 bat minutuko iraupena izango du, eta
elkarrizketaren argigarri izango diren irudiak eta ikus-entzunezko baliabideak ere erakutsiko ditu, atsegina
eta didaktikoa izan dadin.
Arte-arduraduna eta artista Museoan edo artistaren estudioan elkartuko dira, edo bi tokietan batera,
kokapenaren eta une bakoitzeko aukeren arabera. Elkarrizketa iradokitzaile horien bidez, artista bakoitzak
gaur egungo arteari egin dion ekarpena ulertzeko funtsezko elementuak aztertuko dira, eta haren
ibilbideari eta ikuskerari buruzko alderdi interesgarriak ezagutaraziko dira. #GuggenheimBilbaoInsights
proiektuaren aberastasuna landutako gaien eta ikuspegien aniztasunean egongo da, aldatu egingo baitira
artistaren eta arte-arduradunaren arabera, baita haien arteko konplizitatearen eta interakzioaren arabera
ere.
Proiektu honetarako, Museoaren Bilduman obraren bat daukaten bina artista hautatu eta datozen
hilabeteetan haiekin izango dituzten topaketen gidoiak prestatu ditu arte-arduradun bakoitzak. Sortako
lehenengo bideoan, Alyson Shotz-en eta Manuel Cirauquiren arteko elkarrizketa dugu ikusgai, Museoan
eta artistaren New Yorkeko estudioan aldi berean grabatua. 2017an Manuel Cirauquik Museoan antolatu
zuen Artea eta espazioa erakusketan parte hartu zuen Alyson Shotzek (Arizona, AEB, 1964), eta, haren
harira, Museoak artistaren Gogoeta-objektua (Object for Reflection, 2017) eskuratu zuen. Elkarrizketan,
hainbat gairi buruz hitz egin dute biek; besteak beste, artistaren ibilbideaz, haren lana ulertzeko elementu
garrantzitsuez (argiaz eta grabitateaz, esaterako), naturan egin dituen instalazioez eta duela gutxi izan duen
banakako erakusketaz.
Hona hemen lehenengo bideoen programazioa:
• 2020ko azaroa: Alyson Shotz eta Manuel Cirauqui
• 2020ko abendua: José Manuel Ballester eta Petra Joos
• 2021eko urtarrila: Ernesto Neto eta Geaninne Gutiérrez-Guimarães
• 2021eko otsaila: Itziar Okariz eta Lucía Agirre

Sei ikuspegi
Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduradunen taldea bost komisario artistikok eta laguntzaile batek
osatzen dute, eta haietako bakoitzak bere ikuspegia eta ibilbidea eskainiko dizkio proiektuari. Hona hemen
taldekideak eta Museoan beren ardurapean izan dituzten azken erakusketetako batzuk:

  • Lucía Agirre: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketez arduratu da, besteak
    beste: Olafur Eliasson (2020), Thomas Struth (2019), Marc Chagall (2018) eta Bill Viola (2017).
  • Manuel Cirauqui: 2016tik da Museoko arte-arduraduna, Dia Art Foundation-etik etorri ondoren.
    Honako erakusketen komisarioa izan da, besteak beste: William Kentridge (2020), Jesús Rafael
    Soto (2019), Henri Michaux (2018) eta Artea eta espazioa (2017).
  • Geaninne Gutiérrez-Guimaraes: 2015etik da Guggenheim Bilbao Museoko arte-arduraduna, baina
    New Yorkeko Solomon R. Guggenheim Museoan du egoitza, eta Basque Artist Program
    koordinatzen du bertan. Lygia Clark-i (2020) buruzko erakusketaren komisarioa izan da.
  • Lekha Hileman Waitoller: 2019ko urrian hasi zen Museoan lanean arte-arduradun gisa, Chicagoko
    Art Institute-tik etorri ondoren. Egun, 2021erako bi erakusketa prestatzen ari da.
  • Petra Joos: 2000tik da Museoko arte-arduraduna, eta honako erakusketen komisarioa izan da,
    besteak beste: Jenny Holzer (2019), Alberto Giacometti (2018), Georg Baselitz (2017) eta Louise
    Bourgeois (2016).
  • Marta Blavia: 2006tik da arte-arduradun laguntzailea. Besteak beste, Kandinsky (2020) eta Richard
    Artschwager (2019) artistei eskainitako erakusketetan aritu da laguntzaile, baita Film & Video
    programan ere.

GuggenheimBilbaoInsights

FONTE:
Press (Guggenheim Museum Bilbao)